“Euskararen erabilera normalizatzeko behar-beharrezkoa da gaur erabiltzen ez den eremuetara iristea gure hizkuntza eta helburu hori lortzeko arlo ezberdinetan erein behar da euskararen hazia. Hori horrela izanik, aspaldi jarri zuten Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako arduradunek (HPS) arreta hizkuntzak erabilera informala duen eremuetan, bereziki aisialdiaren esparruan. Gazteen kasuan, eskolaz kanpoko jarduerak eta guneak lantzea dagokigu, euskara kontsumitu, sortu eta erabiltzeko aukerak erraztu eta euskararen erabilera areagotzeko.
Gure errealitate soziolinguistikoa askotarikoa da. Gazteek euskararekiko dituzten pertzepzioak, bizipenak, gaitasuna eta erabilera ere askotarikoak dira. Erabilera erdigunean jarri beharra dago, gune desberdin askotan. Eta gune horietako eskola-adineko gazteen artean euskararen erabileran eragitea hartu behar dugu jomuga.
Ikerketek argi adierazten dute kirola dela EAEko gazteen sozializazio-eremu garrantzitsuenetakoa. Baita eskolan euskaldundutako gazte belaunaldi berrien eskolaz kanpoko jarduera nagusia ere. D ereduko kirola eta Euskara Kirolkide ikerketa-proiektuek adierazi bezala, kirola da euskararen erabilera sustatzeari begira eskola eta kalearen arteko zubi lana egin dezakeen esparrua. Ildo horri tiraka, zubi horren habe egokiak dira Eusko Jaurlaritzaren Kirolean Euskara Sustatzeko Plana eta horri lotutako zein elkarlanean eraikitako hizkuntza politika berezia.
Zabala eta askotarikoa da kirol-egituren mundua: kirol federazioak, epaileen batzordeak, klubak eta horietako barne-eragileak (zuzendaritzak, entrenatzaileak, jokalariak, guraso elkarteak), kirol bakoitzeko elkarte erreferenteak, eta abar. Hori dela eta, funtsezkoa da elkarlanean ekitea 5-18 urte bitarteko gazteen kirol-jardueretan euskararen erabilera hauspotzeko” Bingen Zupiria, kirolean euskara sustatzeko plana 2021-2024.
Gure helburua, EBETErena, norabide horretan doa. Eusko Jaurlaritzak zehaztutako norabide guztietatik, gu, entrenatzaileentzako formazioetan zentratu gara, hain zuzen ere, euskara sustatzeko entrenamenduetan erabili daitezkeen ariketa eta baliabideeen sortan.
Jarraian, zure kirol taldearekin entrenamenduetan euskara gehiago erabili ahal izateko baliabideak dituzu. Entrenamendua une aproposa izan daiteke zure taldeko haurrekin euskaraz egiteko. Horretarako, entrenamenduko atal desberdinetan lantzeko adibideak eskaintzen dizkizugu.